|
|
|
Kareletik
|
|
Proba ezazu
|
|
Ana Urkiza
|
|
 |
LARUNBATEAN, mandatuak egiten nenbilela, aspaldian egon gabeko arrandegi batean sartu ginen alaba eta biok. Txanda hartu eta zain geundela, kristalean jarrita zeukaten orri batean konturatu zen alaba. "Ama begira!" esan zidan. Plastifikatuta eta txukun prestatuta zegoen orriak zera zioen: "Proba ezazu euskaraz egiten" eta, ondotik, arrandegiko arrain guztien izenak zetozen, gaztelaniaz eta euskaraz, hiztegi moduko bat osatuz.
Hara!, pentsatu nuen, erdalduna zen gune bat euskalduntzeko lana egin dute hemen. Arrandegia gainezka zegoen. Lau pertsona ari ziren mostradoreaz bestaldean lanean eta hamabi bat bezero zain. Txanda heldu zitzaidanean, "kilo t´erdiko legatza" eskatu nuen. Zerbitzariak aurpegira begiratu zidan; legatz bat hartu, pisuan jarri eta "un kilo 700", irakurri zidan, "¿le va bien?". Argi zegoen "legatza" zer zen bazekiela baina "kilo t´erdia" ezetz. Hala ere, baietz erantzun nion. "Cómo se lo preparo?" galdetu zidan urrena. "Garbitu eta osorik" erantzun nik. Emakumearen aurpegia, ordurako, gorriren gorri zegoen. Eta arrandegian ez zen arima bat entzuten. Inor mugituko ez balitz bezala zen.
¿Entera, Sra.? galdetu zidan berriz. "Bai", nik. Alaba urduritu egin zen. Argi baitzegoen tentsioa sortarazi genuela arrandegian. Eta gainontzeko guztiak zera pentsa-tzen ari zirela: "noraino hel daitezke, bakoitza bere hizkuntzan, batak bestearena egiteko gogorik, ezagutzarik edo ahaleginik egiten ez badute?". "¿Le quito los dientes, Sra.?". Ez, eskerrik asko. "¿Algo más?". Ez, mila esker. Eta alabari keinua egin nion: "ea nola agurtzen gaituen". Plastikoan sartutako arraina eskura eman zidanean, "mila esker" esanez agurtu nuen. "Gracias", berak erantzun. Eta kristaleko "proba ezazu euskaraz egiten" kartelari azken begiratua emanez kanporatu ginen. Alaba, lotsa-lotsa. Nik, proba egin nuen bakarrik. |
|